Koldo Mitxelena Kulturunean emandako prentsaurrekoan aurkeztu dugu gure herri ekimena. Orain jada, prest gaude, bihar goizean Eskozia aldera abiatzeko.
Prentsaurrekoan ekimenaren berri eman dugu: zeintzuk diren gure helburuak, zein gaude proiektu honen atzean eta zer egingo dugun datozen 6 egunetan Eskozia aldean. Honatx prentsari banatutako dokumentua:
“
Bihar irtengo da autodeterminazio eskubidearen aldeko Idiazabalgo herri ekimena Eskozia aldera
Herri kirolak, euskal dantzak, euskal musika, joaldunak, txalaparta, bertsolariak, etab. batzen dituen ekimenak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu eta hainbat erakustaldi emango ditu Eskozian.
100 pertsonako herri ekimenean adin eta sexu ezberdineko oso pertsona ezberdinak elkartu gara goiburu baten baitan: herri guztiek etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen baitan. Ez gara politikoak eta ez dugu inongo alderdirik atzean. Herritar soilak gara, eta bakoitzak egiten dakienetik, batzea posible dela erakutsi nahi dugu. Oso kolore eta sentsibilitate ezberdineko jendea gara, ilusioz beteta, elkarri eskua eman eta batzen gaituenean aurrera egin nahi dugunak. Nazkatuta gaude politikarien alderdikeri eta bide antzuez. Ez dugu ulertzen, politikariak nola ez diren gauza, elkarrekin bidearen zati bat bederen egiteko. Eta horixe da guk egin nahi duguna, posible dugun azken bidegurutzera arte elkarrekin joan.
Herri ekimenean Idiazabalgo herri kirol taldea, Beasaingo Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeak, Beasaingo txalaparta-jotzaileak, Iruñeako joaldunak, Iker Zubeldia bertsolaria, Miren Urkiola harri-jasotzailea eta beste hainbat elkartu gara, besteak beste. Elkarrekin hiru saio eta erakustaldi egingo ditugu Eskozian:
· Ostirala, hilak 21: Edinburgoko parke batean egingo dugu saioa
· Larunbata, hilak 22: Iverness-en (Highland) egingo dugu saioa
· Igandea, hilak 23: Iverness-en (Highland) egingo dugu saioa eta Aberri eguna elkarrekin ospatuko dugu.
Baina, gure ustez, benetako erakustaldia ez da saio horiek Eskozian egitea. Benetako erakustaldia herri-ekimena bera da. Ilusioz beterik elkarrekin batu, eta ahal den bide guztia elkarrekin egitea. Gure ekimenak demostrazio bat izan nahi du euskal gizartearentzat: posible dela erakutsi nahi dugu; eta euskal politika irtenbiderik gabeko zurrunbiloetan sar ez dadin herritar soilok horrelako ekimenak egitea posible eta beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu. Gure kasuan autodeterminazio eskubidea eta euskal nortasuna da batzen gaituen hori. Hortik aurrera bakoitzak bere ideiak ditu, baina batzen gaituen horretan elkarrekin joan nahi dugu.
NAZIOEN MUNDUA jarri diogu izena ekimenari. Eta kasu honetan Eskozia aukeratu dugu gure aldarrikapena eramateko. Autodeterminazio eskubidearen gaia hantxe fokalizatuta dago Europan, Gobernuan dagoen Alderdi Nazionalistak independentzia erreferenduma egitea aginduta baitu. Eskoziako testigantza jaso nahi dugu eta gurea hara zabaldu. Horretarako hainbat elkarrizketa hitzartuta ditugu Eskoziako parlamentuko alderdi ezberdinekin (nazionalista nahiz unionistekin). Baina gurea ez da bidaia instituzionala; herritarren arteko uztartzea da. Horregatik, etorkizunerako bideak irekita utziko ditugu, Eskoziatik Euskal Herrira ere etor daitezen antzeko ekimenekin.
Herritar garen heinean, erantzukizuna dugu gure ustez, ahal duguntxo hori egiteko; eta horretan saiatuko gara. Ez dugu nahi inork betiko etiketa politikorik jar diezagun, ez baitugu inongo alderdirik atzean. Gure politika oso sinplea da: logikaren politika. Noraino joan gaitezke elkarrekin? Ba haraino behintzat hel gaitezen. Horixe da egin duguna eta horixe da erakutsi nahi duguna.
Gure ekimenaren berri izateko edo bidaiako gorabeherak jarraitzeko www.eskoizal.wordpress.com blogean, www.goierrikohitza.info webgunean eta www.goierritelebista.com webgunean duzue aukera.”