Prestaketak egiteko eta Edinburgoko bazterrak ikusteko eguna izan da gaurkoa. Goiza nahiko goiz hasi dugu, batez ere, bart gauean batzuen (gehienen) erretiroa ez zela oso goiz izan kontuan hartuta. Gauekoek kapitulo aparte bat agian mereziko lukete, baina Jainkoari esker, gauean kamarak nahiko urrutik ibiltzen dira eta hala hobe. Baina munduak jakin dezan, bertso saioak, trikitixa eta dantza bihurtu zen Edinburgon errege; hori bai, euskaldunotara beste batzuk ere batu ziren eta haietako baten esanetan “we are the best of the world”. Beno, autobonboa ez da agian gairik egokiena eta ezta gure burua horrela goratzen aritzea ere, baina halaxe izan zen eta jarri egin behar. A! eta bertsoren bat edo beste ere entzun zuen hori esan zuen guy hark, nahiz eta ulertu guk ingelesez baino askoz gehiago ez zuen egin. En fin… gaueko gauzak.
Baina esaten ari nintzena, gaurko eguna: hori da eta garrantzitsuena. Nahiko egun librea izan dugu hemen gabiltzan 90 lagunok. Bakoitzak bere kaxa edo taldetxoka bazterrak ikusteko parada izan dugu eta egia esan eskertzen da horrelako paraje batera etorri eta hosteleko paretak ez diren beste zerbait ikustea. Gainera, ostiralean aktuazioa egingo dugun lekua ere bisitatu dugu eta aktuazio horretarako azken xehetasunak lotzen aritu gara Udalekoekin, baina guzti-guztiak ez ditugu lotu oraindik. Biharko ere zerbait utzi behar.
Eta eguneko hitzordu garrantzitsuena Eskoziako Legebiltzarrean izan dugu. Denok joaterik ez genuen, baina Xavier Solanok lortutako kontaktuei esker, bi Legebiltzarkide elkarrizketatu ditugu. Batetik Alderdi Unionistako Des McNulty elkarrizketatu dugu eta bestetik, SNP Alderdi Nazionalistako Keneth Gibson. Plazer bat izan da euren ikuspuntua jasotzea eta politikaz duten iritzia bildu eta grabatzea. Prestutasunez erantzun diete gure galderei bakoitzak berea defendatuz. McNultyk Eskoziak Erresuma Batuko kide izaten jarraitu behar duela uste du, batez ere zergen gaian autogobernu gehiago edukiz. Gibson-ek ordea, Eskoziarentzat onena independentzia dela uste du eta Gobernuan dagoen bere alderdiak horretarako erreferenduma egingo duela agindua du 2010erako.
Grabazioa denborarekin Goierri Telebistan ikusi ahalko da eta sarean ere jarriko dugu. Bitartean, guk esandakoa sinetsi eta euren testigantza benetan interesgarria dela onartu beharko duzue.
Horretan ba, gaurko gure kontuak. Orain bilera dugu elkarrekin, biharko hainbat gauza erabakitzeko, bihar ere ez baitugu aktuaziorik. Baina seguruenik kalejira egingo dugu trikitixa, joaldun, etab. ostiraleko gure saioa iragartzeko. Kontatuko dizuegu. Gabon pasa. Gu pinta bana edatera goaz.






0 responses so far ↓
There are no comments yet...Kick things off by filling out the form below.