Edimburgo, arratsaldeko 2ak. Meadows parkea. Dena prestatuta dago. Parkeko zelai zabal eta pasealekuen artean, ikurrinak, harriak, txingak, txalaparta, musika instrumentuak, etab. Ikusten dira. Bat-batean Joaldunen hotsa entzuten da urrutian, gerturatzen ari dira, zarata handitzen doa eta jendeak ikusminez begiratzen die. Haiek aurretik direla, talde guztia sartu gara ekitaldia egin beharreko eremura. Txalo artean hartu gaituzte. Sekulakoa.
Azalpena eman diegu gerturatu direnei. Asko Edinburgon bizi diren euskaldunak eta kataluniarrak. Baina baita Eskoziako bertako eta munduko beste hainbat lekutako jendea ere (Zerbaitegatik gara “Nazioen Mundua”). Eta lehen azalpenaren ondoren etorri da ekitaldia: txalaparta, Iker Zubeldiaren bertsoak, herri kirolak, Miren Urkiolaren erakustaldia, dantzariak, etab.
Jendea harrituta eta gustura aritu da begira, ikusten zuenarekin gustura, eta asko harrituta. Bitartean, taldeko beste batzuek Idiazabalgo gazta zatitu eta jende artean banatu dute: kirolak, musika eta dantzak adina gustatu zaie.
Eta azkenean, saioari amaiera emateko gure aldarrikapena. Joaldunak aurretik hartuta denok goiburu baten atzean jarri gara. Batzen gaituen hori baita: “autodeterminazio eskubidea · self-determination”. Txalo artean puztu eta poztu gaituzte. Eta horrenbestez amaitu da saioa. Sekulakoa. Baina amaiera horri kolore are gozoagoa uztearren, kalejira eta korro erraldoi bat egin dugu, Daniren soinu hotsen gidaritzapean. Halako korrorik ez da ikusi aspaldian Euskal Herrian. Eta jakina! Gurekin batera dantza egin dute ikustera inguratu direnek.
Eskozia-Euskal Herria konexioak funtzionatu du eta oso gustura geratu gara. Orain HIghlands-etara bidean gara, hau da, Eskoziako Goierrira goaz. Eguraldiarekin dugu beldur gehien. Gaur Edinburgo hotz egiten zuen eta tartean-tartean, antziarra ere bota digu. Eta Inverness-tik (Highlands-eko hiriburutik) ditugun azken berriek diote elurra dagoela. Ez dakit zuzen iritsiko garen: baietz espero. Baina ez dugu dudarik dena ondo irtengo dela, Edinburgon baino hobeto ahal bada gainera! Izan ere, segurtasun eta seguru arrazoiak direla-eta, aizkoran, trontzan eta lasto altxatzen aritzerik ez dugu izan, eta hori ikuskizunaren kalte izan da. Gainera, HIghlands-eko jendea ez da hiriburukoa. Gure moduko “artzaiak” dira hangoak ere, eta oso ondo moldatuko garela uste dugu. Ikusiko dugu!










